EU | ES
Gobierno Vasco

Aurkezpena eta Historia

UROLA IKASTOLA AZKOITIA-AZPEITIA BHI Azkoiti-Azpeitiko ertainetako hiru ikastetxeren bateratzetik sortutako ikastetxe publikoa da. Ikastetxe berri honen erronkarik nagusienak Urola bailararen hezkuntza beharrei era egokian erantzutea eta hiru funtzionamendu, hiru antolaketa egitura eta hiru erakunde-kultura desberdinen ezaugarri aberasgarrienetatik abiatuz, proiektu bateratu, eraginkor eta ilusionagarri bakar bat osatzera iristea dira. Bide honen amaieran bailarako ikastetxe erreferente izatera iritsi nahi duelarik.

1997. urtera arte, ertainetako hiru ikastetxe ginen Urola bailaran:
Azpeitian , Azpeitiko Institutua eta Karmelo Etxegarai Ikastola
Azkoitian , Urola Lanbide Institutua.

Azpeitiko Institutua
Herri Institutua 1955. urtean inauguratu zen eta 1961.ean Perdilegi 3ko eraikuntza berrira aldatu zen Instituto Laboral bezala. Mekanika eta Egurraren inguruko espezialitateak ematen ziren beheko hegalean eta gai teorikoak goikoan.
1967an Batxilergoko Institutu bihurtu zen garai hartako "Batxilerato Elementala" ematen hasi zelarik, Zumaia,Zestoa, Azkoitia eta azpeitiako 12-16 urteko ikasleei.
1970an "Batxilerato Superiorra" hasi zen ematen, (14-18 urteko ikasleak).
1975ean Balioanizdun Batxilergo Bateratua (BBB) eta, azkenik, 1997-98 ikasturteaz geroztik, HSAOL Batxilergoak eman izan ditu (16-18 urteko ikasleak).

Bere ezaugarri nagusiena bailarako heziketa elebidun beharrei erantzuten saiatu izan den zerbitzu publikoa izatea zen.

Karmelo Etxegarai Ikastola.
1965. urtean sortu zen ikastola pribatu bezala. Beronekin bateratsu sortu ziren Zestoako Ikastola 1966an, Azkoitikoa 1969an eta Urrestillakoa 1970an.
Garai hartako Oinarizko Heziketa Orokorreko ikastetxeak ziren (3-14 urteko ikasleak).
1980an Batxilergoak antolatu ziren, garai hartako Balioanizdun Batxilergo Bateratua (BBB), Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ikastoletako OHOko ikasleentzat (14-18 urtekoak).
1985ean, lehengo Batxilergoez gain, Ertainetako Irakaskuntzen Erreforma hasi zen ematen (14-18).
1996an publifikatu egin zen Karmelo Etxegarai Ikastola, eskola publikoaren arabera zatitu egin zelarik, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (2-12-urte) alde batetik eta Bigarren Hezkuntza (12-18) beste aldetik, bien arteko harreman historiko hestua mantentzen jarraituz.
Irakaskuntza guztia euskaraz garatzeaz gain,Urola bailarako pertsona guztieei irekia zegoen zerbitzua izatea zen bere ezaugarri nagusienetakoa.

Azkoitiko Urola Lanbide Institutua.
1959an sortu zen.
Lanbide Eskola zen, Jesuiten zuzendaritzapean. Hasierako Industri Lanbidea eta Industri Ofizialgintzarako Prestakuntza eskaintzen zituen (14-18).
1974ean Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Goi Mailako Lanbide Heziketa (LH-1 eta LH-2) jarri ziren martxan (14-18).
1976an publifikatu egin zen ikastetxea.
1985ean Ertainetako Irakaskuntzen Erreforma eta Batxilergo Teknikoa hasi zen ematen (14-18).
1986an lekuz aldatu zen orain dagoen egoitzetara.
Bere ezaugarri nagusiena bailarako heziketa beharrei erantzuten saiatu izana da, batez ere, Lanbide Heziketa arloan, bai Irakaskuntza Arautuan edo ikasle arruntei zuzenduan, bai Ez-Arautuan, langile eta langabetu helduei zuzenduan.

Azkoitiko ikastetxea

Hauek dira hirurak bateratzearen erronka eta urrats nagusienak:
230/1996 Dekretua, irailaren 24koa, Urola-Kostako eskola-barrutiko ikastetxeak berrantolatzen dituena, Urtarrilaren 30ko 26/1996 dekretua aldatuz.
163/1997 Dekretua, uztailaren 1ekoa, hirurak bateratuta IES AZKOITIA-AZPEITIA BHI bezala agertzen dituena.
2001eko urtarrilaren 29az geroztik (Agindua, 2001eko urtarrilaren 29koa), Lanbide Heziketako Euskal Planak aurreikusten duen Lanbide Heziketako Ikastetxe Integralen sarea osatzen dugu.
Agindua, 2001eko martxoaren 5ekoa, IES Azkotia-Azpeitia BHIri izena aldatzen zaionekoa, IES UROLA IKASTOLA AZKOITIA-AZPEITIA BHI deituz ordundik aurrera.

Tradizio historiko eta bilakaera historiko desberdinak izan ditugun hiru ikastetxek osatzen dugu, beraz, UROLA IKASTOLA AZKOITIA-AZPEITIA BHI.
Alde batetik, erakunde pribatua, kooperatiba egitura izan zuen ikastola, OHOn -3-14 urte- eta Batxilergoan, 14-18, nagusiki, aritu izana eta, bestetik, bi ikastetxe publiko, bat Institutua, Batxilergoa, 14-18, ematen aritu izana eta bestea, Lanbide Institutua, Lanbide Heziketan, 14-18, nagusiki, eta helduen formaizoan aritua.



 Hirurek izan dute, baina, bailarako ikuspegia, Urola bailarako Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarna, Errezil, Beizamako hezkuntza eta ikaskuntza beharrei erantzunik egokiena ematekoa.

Honetarako hiruren ezaugarri onenetatik, giza talde eta praktika onenetatik abiatuz, eta estamentu desberdinen ahaleginak batuz, bakoitzaren alderdirik onenak indartuz,proiektu sendo, bateratu, eraginkor bat bideratu nahi du ikastetxeak, zerbitzu on bat eskainiz, eta funtzionamendu eta antolaketa egitura egoki baten bitartez erakunde kultura bateratu bat definituz.

 

 

 

Beraz Administrazioaren menpe dagoen eskola publikoa izanik, maila goreneko zerbitzu publikoa izatea da bere ezaugarririk nagusiena. Publiko izaera honek ikastetxeari funtzionamendu eta kudeaketa mailan muga eta baldintza batzuk ezartzen dizkion arren, badu ikastetxeak bere autonomia esparru zabal bat, Euskal Eskola Publikoaren Legeak (EEPL) arautzen duen autonomia pedagogiko, antolaketako eta ekonomikoaren barruan, eta autonomia horren aplikazioaren ondorioa da hemen agertzen dena.

   
   
© Urola Ikastola BHI
Telefonoa: 943813770 | urolaikastola@urola.org