BATXILERGOKO BIGARREN MAILAKOAK GIPUZKOAKO BAZKUNDEAN

Gipuzkoako Bazkundea, agian Merkataritza Ganberaz ezagunagoa,  irabazi asmorik gabeko erakundea da, Gipuzkoako enpresen eta interes orokorren zerbitzura dagoena. Urtarrilaren 29an bertan egon ziren Batxilergoko bigarren mailako ia ikasle gehienak, Administrazio Kudeaketa Prozesuko ikasleak denak, Ekonomia Mintegiak antolatuta. Ikasle horiek enpresa birtualak sortzen ari dira, eta proiektu hori garatzen laguntzeko erakunde horretara jo dute, jakiteko zein zerbitzu eskaintzen dituzten eta nola eskatu daitezkeen.  Ekitaldiak bitan banatu ziren. Lehen zatian bertako bi teknikarik Bazkundeaz azalpen orokorrak eman zituzten, azpimarratuz helburu dutela Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna bermatzea, denda xumeenetik hasita enpresa handienetaraino. Atsedenaldiaren ondoren talde dinamika izan zuten gure ikasleek, enpresari izateko garatu behar diren konpetentziez jabetzeko. Saioa interesgarria, dudarik gabe, ikasleek oso ondo baloratu dutena.

DROGAMENPEKOTASUNARI AURRE EGITEKO TAILERRA

Azpeitiko Udalak antolatuta, bai DBH eta bai Batxilergoko ikasle guztiei eman zaie drogamenpekotasunari aurre egiteko tailerra, gela bakoitzak bi orduko bi saio izan dituelarik. Hiru ardatzen inguruan antolatu dira saiook: lehenik kontsumoa aztertu da, kontuan hartuta DBH1eko ikasleek ikusten dutena eta Batxilergokoek ikus dezaketena ez dela berdina; kontsumoarekin batera tratatu da talde presioak eta emozioek kontsumitzen hasteko erabakietan izan dezaketen eragina; eta, hirugarren baina ez azken, gai honekiko komunikazioaren ingurukoak jorratu dira. 

SANTA ESKEAN ATERKI ARTEAN

Aurten ere, 29 urtez jarraian, erraz esaten da, Santa Eskean ibili gara herrian zehar, nahiz eguraldiak ez duen batere lagundu. Eta amorragarria da, ikusita aurreko eta ondorengo egunetan  zeinen eguraldi ederra izan dugun. Baina euria beharko zuen eta aterki artean abestu behar izan dugu, argazkietan ederki askori ikusten denez. 

Lehenik Karmelora jaitsi ginen, non bertako frontoian hango ikasleekin batera abestu genuen. Ondoren bitan zatitu ginen: batzuk Sanjuandegi aldera, besteak herriko enparantzara, BM hipermerkatuan abestu ostean. Udaletxean, anbulategian, Eroski hipermerkatuan eta beste hainbat tokitan kantatu ondoren, eskolara itzuli ginen, busti antzean gehienok, blai eginda gutxi batzuk, baina gustura denok, ohitura ederrak ez direlako galdu behar.

 

 

MARTXAN DA JOLASMATIKA!

Proiektu honen helburua da DBH eta LHko ikasleek bere arteko elkarlanaren bitartez informatikako jakintzak bereganatzea. Bide hori dagoeneko ibiltzen hasiak gara eta, horren erakusgarri, urtarrilaren 27an gure laugarren mailako IKTko ikasleak Karmelo Etxegaraira joan zaizkigu hango bosgarren eta seigarren mailako ikasleei azalpenak ematera. Saio horretan, eta egingo diren hurrengo hiruretan, sistema bitarra, konputagailuen egitura, algoritmia eta programazioa landuko dira.

 

GOIERRIN LANDA EREMUKO INSTALAZIOAK BISITATZEN

   

HAZI elkartearen eskutik, urtero bezala, hirugarren mailako ikasleek landa eremuko ekoizleen hainbat instalazio bisitatu dituzte. Lehen bisita Idiazabalen izan zen, Aranburu Gaztandegian, non ez bakarrik gaztaren ingurukoen berri jakiteko aukera izan genuen, baina baita gazta zati goxo askoak dastatzeko ere. Ondoren Ordizira jaitsi  eta “D’elikatuz” Elikadura eta Gastronomia Gunean bisita gidatua izan genuen, bertako teknikariak elikadura, osasuna eta kontsumo jasangarriari buruz hainbat azalpen ematen zizkigularik, panel, horma-irudi eta material multimedia egokiez lagunduta. Ordizian bertan mokadutxoa jan eta arratsaldean Zaldibira igo ginen, hango haragitarako behi ustiategi handi baten martxa ikusteko, hango gorabeherak zuzenean bertako baserritarraren ahotik entzuten genituela. Eta handik etxera, lehen sektorean dabilen jendearen bizimoduaz lehen baino jantzixeago.